Euria, arriskuak eta demokrazia*

Euskal Herria eta euria banatu ezin diren bi errealitate dira. Urteko egun ezberdinetan herrixka, herri eta hiriak bustitzen dituen zirimiria edo hodei beltzen fruituak diren euri jasak lur eremu honen esentzia garbiak dira. Fenomeno atmosferiko honek ematen die bizia mendiei, lursailei eta baratzei, gizakiarentzako eta honen garapenarentzako elementu zentrala bilakatuz. Batzuetan, ordea, hain beharrezkoa den elementu hau giza bizia eta giza jarduera ezabatzeko gaitasuna duen elementu suntsigarri bilakatzen da. Errekek eta ibaiek gainezka egiten dutenean, eta naturari lapurtu zaizkion eta eraikinez bete diren lur eremuak urpean geratzen direnean, gizakia babes gabe geratzen da eta harturiko erabaki okerren fruituak jasotzen asten da. Hau da euskal geografiako hainbat puntutan bizi den errealitate suntsigarria.

Lur planetako beste eremu batzuetan gertatzen ez den bezala, izaera erregularra duten gertaera natural suntsigarrietatik ia salbu aurkitzen den eremu batean bizi gara. Arrisku geologikoen kasuan, ez dugu erupzio bolkanikorik sufritzeko aukerarik, ez dugu tsunami baten inpakturik ezagutu eta lurrikarak nahiko sarritan gertatzen diren arren intentsitate oso txikikoak dira. Ekaitzen kasuan, noizean behin depresio indartsu baten inpaktua jasotzen dugun arren hauen indar suntsigarria ezin daiteke Ameriketako Estatu Batuetako Hegoaldea, Karibea eta Asiako zenbait puntu gaztigatzen dituzten urakanekin alderatu. Tornadoen kasuan, noizean behin kostaldean traganarru batzuk ikusteko aukera dugun arren ezin ditugu Ameriketako Estatu Batuetako Tornado Alley eremuan ikus daitezken lurreko tornado suntsigarriekin konparatu. Azkenik, noizean behin baso suteak sufritzen ditugun arren hauen indarra mugatua izaten da. Euriteek eragindako uholdeak oso kontutan hartzeko fenomenoak dira, ordea. Urtero errepikatzen dira, eta normalean tokiko ondorio mugatuak (gehienetan materialak) uzten dituzten arren, kasu batzuetan (1983ko abuztuaren 26an bezala) ondorioak dramatikoak dira.

Antropologoek diote prometeismoaren aroaren amaieran gaudela. Hots, Naturaren legeak menderatu edo gobernatu ezin ditugula eta bizitza mundu honetan nahi bezala antolatu ezin dugula konturatzen ari gara. Nonnahi ari gara mugak ikusten, eta krisi sozioekologikoa da horren adibide lazgarria. Egoera honen aurrean indar handia ari da hartzen teknolatria, hau da, edozein arazo ekologiko, energetiko edo sozialen aurrean gizakiok erantzun eta soluziobide teknologikoak bilatuko ditugulakoaren gaineko sinesmena. Eta uraren zikloarekin berdina gertatzen da. Uraren dinamikak kontrolatzeko eta uraren eskasiari zein demasiari aurre egiteko gauza izango garela sinisten dugu arrotasunez, baina Naturak bere indarra askatzean bakarrik eta babes gabe gaudela jabetzen gara. Aldiz asko dira ere, zientzilari zein eragile soziopolitikoak, aurkako jarrera agertu dutenak. Inork gutxik defendatzen du gaur egun klima aldaketa ez dela gizateriak sorturiko fenomenoa adibidez. Honek kausa antopogenikoak ditu, alegia, erregai fosilen erreketagatik eta lurraren erabilera okerragatik sortu dugu.

Zentzu berean, uholde prozesu ziklikoek zerikusi osoa dute porlanezko Euskal Herriarekin. Egun hauetan Gobelan, Argan, Orian, Ebron edo Zadorran urak gainezka ikusi ditugu, eraikitako urtegi eta kanalei kasu gutxi eginez. Urbanizazio prozesuarekin, zentro komertzialen ugalketarekin, eremu industrialen biderketarekin eta bestelako inbasioekin, erreka eta ibaiei padurak eta uriola eremuak lapurtu dizkiogu eta eraso horren ordaina etengabe ari gara pairatzen, irakasgairik ikasi gabe, antza denez. Eragile instituzional eta ekonomiko nagusiek azpiegitura berriak gure eredu ekonomikoaren hazkunderako ezinbestekoak deritsotenez, uholdeek ekarritako kalteak gaitz erdi. Hori da Euskal Herrian praktikatzen den politika. Uholdei ere irtenbide teknikoak emango dizkiogula pentsatzen jarraitzen dugu, baina Amalurra zaharra eta jakintsua da, eta guk jarritako oztopoak errez gainditzen ditu. Sukarra eragin diogu, baina erantzuteko indarra erakusten du etengabe.

Aldaketa klimatikoaren eraginez uholde arriskua handitu egingo da etorkizunean. Iraganean hirigintzan egin ziren akatsak errepikatzen badira arriskua are eta handiagoa izango da, geroz eta pertsona gehiago egongo dira eta egoera zaurgarrian. Hau kontuan harturik, beharrezkoa da larrialdi edo krisi egoera bat eman baina lehen arriskuan aurkitzen den biztanleriak arriskuaren gaineko informazio osoa edukitzea, hau konprenitzea eta larrialdi egoeretan erantzuteko trebatuta egotea. Eta honetarako beharrezkoa da herritarren parte hartzean eta komunitate-garapenean oinarrituriko dinamikak indarrean jartzea. Larrialdi edo krisi erreal batean arriskuan dauden pertsonek egoera ebaluatzeko eta hau konprenituz ekiteko gaitasuna edukitzeko beharrezkoa da arrisku eremuen, hauek uholdeak jasateko duten aukeren eta hauen aurrean kolektiboki erantzuteko aukeren eta moduen gaineko ezagutza publikoa garatzea. Honetarako udal mailako lanketa egin behar da, gaian adituak eta arituak diren pertsonek dinamizaturiko bilerak antolatuz, eta herritarren parte hartze aktiboa bultzatuz. Bilera hauetan uholde arriskuaren gaineko informazioa emateaz gain, arriskuaren gaineko lanketa egin beharko litzateke (talde dinamika ezberdinen bidez), honen gaineko ezagutza kolektiboki modu egoki eta eraginkorrean barneratzeko. Honez gain, prozesuan zehar sortzen diren galderen lanketa kolektiboa egin beharko litzateke baita, aditu eta arituen laguntza eta aholkularitzarekin. Bilera hauen maiztasuna arrisku mailarekiko proportzionala izan beharko litzateke eta modu eraginkor baina jarraituan gauzatzeko beharrezkoak diren errekurtso ekonomikoak izendatu beharko lirateke.

Dauden eta datozen arriskuen aurrean batu eta demokratikoki erantzutea dugu irtenbide bakarra, hori bai, Amalurraren zikloak errespetatuz.

*Oier Zeberio eta Iñaki Barcena (Parte Hartuz eta TRADENER ikerketa taldeetako kideak)