AEBetako gobernuak, oposizio venezolarrarekin, Latinoamerikako gobernu sateliteekin, komunikabide handiekin eta Europar Batasuneko aktore politiko zenbaiten konplizitatearekin batera – Eusko Jaurlaritza eta Espainiako gobernua barne-, Venezuelako herria erabateko jazarpen egoeran dauka. Helburua: Nicolás Maduro hautatutako presidentea kargugabetu, herrialdea ezegonkortu eta gobernu txotxongilo bat ezartzea botere korporatiboari Venezuelako petrolioa, gasa, koltana eta urrea bermatzeko.

(Ekologistak Martxan-en gatazka honen inguruko aurreko azterketa)

Bost urteko gerra ekonomikoaren, talde faxisten bortizkeriaren (guarinbak), estatu kolpe militar zein magnizidio saiakeren ostean, Donald Trump-en gobernuak azeleragailua sakatzea erabaki du: txotxongilo kolpista bat “behin behineko presidente” ezarri du (Juan Guaidó); 80. hamarkadan Ertameriketan gerra zikinaren erantzule kriminala izan zena “AEBetako Venezuelarako arduradun berezi” ezarri du (Elliott Abrams); eta gainera, mota askotariko zigor eta blokeo ekonomiko finantzieroa ezarri du – dagoeneko Estatu venezolarrarenak diren 30 mila miloitik gora dolar izoztu ditu-. Hori gutxi balitz, martxoan, herrialdearen sistema elektrikoa erasotua izan zen, herria, hilabete batean birritan, hainbat egunez argirik, urik, garraiobiderik zein telefonorik gabe utziz.

Nazio Batuen Erakundeko aditu independientea zen Alfred de Zayasek “gizateriaren aurkako krimen” gisa ezaugarritu du azken erasoaldi hau.

Baina hedabide koporatiboek – euskaldunek barne- mota guztietako fake news eta gerra psikologikoan hain ezagunak diren mezuak zabaltzen dituzte Venezuelaren aurkako jazarpena eta balizko interbentzio militar bat justifikatzeko asmoz. “Laguntza humanitarioa” diote – venezolar aktibo publikoen lapurreta baino 1500 aldiz gutxiagoko balioa zena-, “Kubako eskuartzea” nabarmena dela diote – Guaidók komunitateetan lanean dauden 20.000 mediku kubatar kanporatzea proposatzen duela isilarazten duten bitartean-, ekonomiaren “kudeaketa eskasa” izan dela diote – Euroclear-ek eta banka britainiarrak Estatu venezolarrarenak diren 2500 milioi dolar erretenituta dituen bitartean-; “sendagaien gabezia” dagoela diote – Kolonbia zein Espainiako gobernuek hauen erosketa edo bidalketa galarazi duten bitartean-. Ezin dira zinikoagoak izan.

Jazarpen ekonomiko, diplomatiko eta mediatiko honek Venezuelaren burujabetza nazionala txikitu nahi du. Prozesu honek baliabide naturalen kontrola berreskuratu du, lehenago ikusezinak ziren milioika herritar ahaldundu eta ahotsa eman die, eskubide sozialak bermatu ditu, demokrazia parte hartzaile eta protagoniko baterako mekanismoak garatu ditu eta Latinoamerikako herrien arteko integraziorako elkartasunezko mekanismoak bultzatu ditu, besteak beste.

Komunikabideek zentsuratzen duten arren, munduan Venezuelan gertatzen ari denarekiko haserrea nabaria da eta hamaika dira Venezuelako herriak jasotako elkartasun keinuak. Euskal Herritik ere Venezuelaren burujabetza, bere gobernua eta bere instituzioak errespetatzeko deia luzatzen dugu eta, era berean, hainbat alditan adierazitako herriaren borondatea errespetatzea.

Hau guztiagatik, datorren maiatzaren 4ean, beste behin ere, kalera irtengo gara. Hitzordua, arratsaldeko 18.00etan Bilboko Eliptika plazan «Venezuela aurrera! ¡No al Golpe!» lelopean, Euskal Herria Venezuelarekin Ekimenak antolatuta,