( Iñaki Barcena, Argian)

Noam Chomsky. BBVA Fundazioak munduko hizkuntzalari famatuenari Giza-Zientzien Saria (400.000 euro) eman dio. Saria apirilean eman zioten baina Chomsky ez zen Madrilera joan eta omenezko ekitaldia Bizkaiko hiriburura ekarri nahi izan dute. Hona ere ez da etorri. Chomsky bi arrazoiengatik ezaguna da. Guk, batxilergo ikasle garaian bere hizkuntzaren teoriak ezagutu genituen, gaztelaniazko testuetan, Fernando Lázaro Carreterekin batera. Ongi gogoratzen dut, Benita, gure ama zenari, behin, 80ko hamarkadan galdetu niola ea Chomsky ezagutzen al zuen? Eta ezustekoa hartu nuen baietz erantzun zidanean. Berak bai, iparramerikar gehien-gehienek aldiz, ez. NATOren aurkako kanpainan murgildurik luze egon ginen eta Chomsky, AEBetatik gure alde jarduten zuen intelektual gutxienetarikoa zen. Hitzkuntzalaria izateaz gain aktibista anti-inperialista legez (Vietnam, Timor, Palestina, Nikaragua edo NATOren kanpainetan…) ari zen eta kartzela barrutik bisitatu ere. Unibertsitatean eta diru-instituzioetan ez zaio haren zintzotasuna horregatik eskertu.

BBVA. Duela gutxi Yayo Herrero lagun ekofeministari irratsaio batean entzun nion egungo zibilizazio eta sistema kapitalistaren ikur menperatzailea BBVA gizon estiloa dela. Hots, berton “burgés-blanco-varón-autónomo”-aren eredua dela nagusi. Gustatu zitzaidan. BBVA Euskal Herritik mundura barreiatu den korporazio multinazional zapaltzaile nagusia, Iberdrolarekin batera. Eta horrek euskal gizarte eragileen arreta berezia eskatzen du. “Gure” transnazionalen ekintzen kontrola, Paul Nicholson adiskide baserritarraren baimenarekin, eta euren proiektu eta jarduera antisozial edota antiekologikoen ardura dugu. Eta batzuk ari dira lan hori egiten: bbvahiltzaile.blogspot.com.

Hasankeif. Kurduen “Gernika” kontsidera daitekeen hiri zaharra ur-arriskupean dago aspaldiko partez. BBVA-k, Tigris ibaiaren arroan eraikitzen ari den Ilisu urtegia finantziatzen du eta nazioarteko mugimendu ekologistak, Mesopotamiako aktibistekin batera, diru inbertsio hori gogor kritikatzen du. Laister ur-betetzea hasi nahi dute. Gure ardura izan da horixe bera Chomskyri ezagutaraztea. Greenwash eta Gizarte Erantzunkizun Korporatiboa ederto maneiatzen dituzte, baina ez dut ahalmen osorik. CSIC espainarra edo EHUko udako ikastaroak finantziatzen dituzte baina ez dute lortzen planetan zehar egiten dituzten triskantza sozial eta ekologikoak ezkutatzea. Izugarrizko boterea dute… baina ez osorik!