Bilboko ingurunearen metabolismo sozioekonomiko kapitalistaren oinarriei eta bere pitzadurei buruz, batetik, eta, bestetik, eredu horren aurrean eraikitzen ari diren alternatibei buruz hitz egiteko asmoz, tourra egin genuen Bizkaiko hainbat puntu esanguratsutatik iragan den azaroaren 26an. Tourra kazetariei zuzendurik egon zen, eta puntu hauek bisitatu genituen: Bilboko Portuaren hidrokarburoen biltegiak, Supersur, Venta Altako ur araztegia (Arrigorriaga), Mercabilbao, Labore supermerkatu kooperatiboa Santutxun eta Atzerritartasun bulegoa.

Bidelagun izan genituen Iñaki Bárcena (energiaz eta metabolismo sozioekonomikoaz hizketan), David Hoyos (mugikortasuna hizpide), Joserra Díez (uraren kudeaketaz aritu zena), Amets Ladislao (elikadura eta nekazaritza sistema hegemonikoaren kritika eginez), David Lopategi (Labore kontsumo alternatiba aurkezten), Gorka Bueno (hondakinen kudeaketaz jardun zuen) eta Txefi Roco (zaintzen kudeaketa landu zuen).

Hizlari guztiek honako ideia hau indartu zuten: gizarte industrialak planetaren mugei bizkar emanda eratu direla, eta etengabe hedatuz joan direla, ekosistema guztiak eta bizitza sozialean gero eta alderdi gehiago kolonizatuz.

Eta, irtenbide gisa, gizartearen antolakuntza eta bizitzaren sostengua gutxieneko baliabide material eta energetikoen ‘zoru’ baten eta ingurune fisikoak eta eskura dauden baliabide material eta energetikoek ezarritako ‘sabai’ baten artean kokatzearen alde egin zuten. Era berean, antolatzaileek ohartarazi zuten tarte horretan gauza daitezkeen gizartearen kudeaketa eta antolakuntza moduen artean badirela bidezkoagoak eta bidegabeagoak. Baina, hori bai, zoru eta sabai horiek gaindituta, ezinezkoa da inongo sistema sozioekonomikorik garatzea.

Informazio gehiago:

Klima larrialditik harago: kolapsoa